Aurkezten dugun Hezkuntza Hiztegi honek baditu, gutxienez, bi helburu: batetik, gaztelaniaz hezkuntzaren esparruan azken urteotan baliatzen diren hitzak euskaraz nola esan daitezkeen proposatzea; eta, bestetik, euskaraz erabiltzen ditugun hitz horiek erreferente izatea, kontzeptu jakin batzuez mintzatzean zertaz ari garen jakite aldera.
Gure hezkuntza sistemak azken 16 urteetan lau erreforma ezagutu ditu: Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako Legea (LOGSE), 1990ean; Ikastetxeen Parte-hartzeari, Ebaluazioari eta Gobernuari buruzko Lege Organikoa (LOPEGCE), 1995ean; Hezkuntza Kalitateari buruzko Legea (LOCE), 2002an; eta Hezkuntzaren Lege Organikoa (LOE), 2006an.
Lege horiek, gainera, beren garapena izan dute, zeinek berea, Nafarroako Foru Erkidegoan, kasuan kasuko foru dekretuen bidez, eta arau horiek guztiek filosofia eta ideia pedagogikoen kontzeptu eta termino berriak ekarri dituzte beraiekin. Kontzeptu eta termino horiek euskaraz egoki eta zuzen erabiltzeko kontsulta iturria duzu, hain zuzen ere, orain aurkezten dizuegun hiztegia.
Bukatu aurretik, lerro hauetan ezin aipatu gabe utzi Javier Tirapu Txapas, hiztegi honek argia ikusi aurretik zendu zena; izan ere, gure lankide eta maisu izateaz gain, lan honen oinarrietako bat izan da; harengandik hamaika gauza ikasi genituen, betiere bizitzari buruzko haren filosofia zein berezko umorea lagun, eta betiko gelditu da gure bihotzetan. Eskerrak eman nahi dizkiot, halaber, Paskual Rekalderi, Txapasekin batera egindako lan handiarengatik.
Eduardo Aldasoro Lezea
Euskara atalburua
Eskerrik beroenak oharrak eta ekarpenak egin dituzten erakunde eta pertsona guztiei eta horien artean bereziki honako hauei: